Arkitektura

Ziurtasunez dakigu Zallako lehenengo eraikuntza duela 25 mendekoa da. Bolunburuko katastroa da; goragune batean eraiki zen hobe defendatu ahal izateko, eta gaur egun bisita egin daiteke. Ingurunea garatzen hasi zenean, ordurako ez zen horren garrantzitsua defentsa gogorra izatea, eta, ondorioz, bertakoak haranetara jaitsi ziren eta Erdi Aroko lehenengo populazioak sortu zituzten, Bolunburuko burdinola eta dorretxe ezagunak. Gerora, XVI. mendetik aurrera, jauregi barrokoak agertu ziren, eta gaur egun ere ikus daitezke.

XIX. mendea iritsi zenean, Zallako udalerri modernoa jaio zen. Garai horretan eraiki ziren baserri gehienak, bai eta Zallari egungo forma ematen dioten beste eraikuntza batzuk ere.

XX. mendean, Zalla bere historiako aldaketarik handiena bizitzen hasi zen: fabrikek, burdinbideak eta milaka pertsonen etorrerak tokiaren fisionomia aldatu zuten betiko. Beste etxebizitza mota batzuk, fabrikak, antzokiak, zinemak, errepideak eta bide berria eraiki ziren.

Orain, XXI. mendean, orduko eraikuntza batzuk hasierakoa ez zen beste jarduera batzuetarako erabiltzen dira. Ondare arkitektonikoa mantentzeko modua da, bai eta Zallako herritarrei eta bisitariei ingurune historiko batean zerbitzu kultural, turistiko eta munizipalak eskaintzeko

Zallan garai desberdinetako baserrien adibideak aurki ditzakegu. Batzuk kontserbazioegoera onean dauden arren, beste batzuetan nabarmena da denboraren igarotzea fatxadetan eta teilatuetan, baina, edonola ere, oso ezaugarri arkitektoniko eta historiko interesgarriak dituzten eraikuntzak dira. XVI. eta XXI. mendeen arteko eraikuntzak dira. Igaro den denbora luzeaz jabetu gaitezke Zallako bideetatik, errepideetatik eta bidegorrietatik paseatzen garenean.

URRUELAREN ETXEA

Urruelaren etxea

Urruelaren etxea jatorri barrokoko baserria da, garaiko forma biribil eta kubikoei jarraitzen diena. Hala ere, eraikuntza honek XX. mendean zehar zenbait aldaketa izan ditu, esaterako, balkoian. Horrez gain, ate berria du.

Oso iluna izan behar zuen hasieran; izan ere, leiho batzuk handitu behar izan dira. Fatxadako egitura, ordea, moda barrokokoa da (3x3x3).

Erdiko atearen ondoan bigarren ate bat jarri da (aurretik zegoen leihoa kendu da); hori ohikoa zen XIX. mendearen amaieran eraikuntza neoklasikoetan, eta aziendaren sarrera eta pertsonen sarrera bereizteko egiten zen.

GOBEO EREMUKO BASERRIA

GOBEO EREMUKO BASERRIA

Baserri honek oinplano errektangular handia eta bi isuriko teilatua du, eta 1990. urte inguruan egin zen zaharberritzearen ostean, gaur egun kanpotik zein barnetik ikus dezakegun itxura hartu zuen. Gaur egun “txalet” itxurako baserri ederra da, atzera ematen duten balkoiak ditu, egurrezko barandelekin aurrean eta atzean, eta, gainera, hainbat leiho zabal eta moderno ditu horma guztietan. Teilatuan ere bi txapitula ditu.

Eraberritzeak egin diren arren, oraindik inguruko hormak eta hasierako oinplanoa mantentzen ditu, eta horren itxura orain dela urte gutxi zuenaren antzekoa da. Alderik nabarmenena leihoetan dago; izan ere, aspaldi txikiagoak ziren hotza sar ez zedin.

Bi isuriko teilatuak mirubuztana du, eta egungo hormak aurretik zeudenaren antzekoak dira, eta horrek adierazten digu segur aski XVII. mendeko eraikina dela. 

SAN PEDRO BASERRIA

SAN PEDRO BASERRIA

San Pedro baserria eraikin zahar eta hondatua da, egurrezko armazoia duen fatxada batekin. Adibide ona da antzinako eraikuntzak XX. mendean zehar eraikitako txaletekin alderatzeko.

LA HERRERA-IJALDE 18 BASERRIA

LA HERRERA-IJALDE 18 BASERRIA

Baserria La Herreran dago, eta eraikin neoklasikoaren adibide interesgarria eta ia bakarra da Zallan; izan ere, estilo horretako gutxi geratzen dira.

Etxetzarra, berez, Enkarterrin XVIII. mendean zehar ohikoak ziren baserri kubiko tradizionalen adibide neoklasikoa da. Eraikina deigarria da baoen ordena dotoreagatik (hori zen, hain zuzen ere, neoklasikoaren ezaugarri nagusietako bat: ordena eta dotorezia), eta kalitate oneko harlanduz apainduta dago. Fatxadaren erdian, gainera, moldura bat kokatu zen forjazko balkoi estuari eusteko, aldeetan gertatzen den bezala.

LA LASTRA II BASERRIA

LA LASTRA II BASERRIA

La Lasta auzoko goiko partean baserri zahar bat dago, eta horri esker XIX. mendeko eraikin mota honen forma nagusiak ikus ditzakegu. Harri kubikoko etxetzar oso monolitikoak dira, diseinu simetrikoa dute eta fatxada nagusiaren erdian sartzeko ate erraldoia dute.

SAN PANTALEÓN BASERRIA

SAN PANTALEÓN BASERRIA

San Pantaleón Ermitaren ondoan baserri handi bat dago, eta uste da XVIII. mendekoa dela. Ateburuan gurutze handi bat dauka.


BASERRI BARROKOAK

BASERRI BARROKOAK

Zallako Labrador etorbideko 28. zenbakian Zallako baserririk nabarmenetako bat dago.

Bi zati ditu. Atzeko zatian bi isuriko teilatua duen bloke handi luzanga da, eta horri esker esan dezakegu segur aski XVII. mendekoa dela. Aurreko partea XVIII. mendean gehitu zen; harriz eta armazoiz egindako bloke handi bat da, eta arkupe zabal bat du (Zallako baserrietan ez da guztiz ohikoa).

Kale horretan bertan, 26. zenbakian, beste baserri bat dago, eta litekeena da garai berekoa izatea. Berrituagoa dago, baina hemen hain ohikoak diren harrizko etxetzar kubikoen ezaugarriak ditu.

EL LLANO 1-eko BASERRIA

EL LLANO 1-eko BASERRIA

Begiratu batean, garai batean (bereziki XX. mendean) berritutako etxetzar barroko apala dirudien arren, tentuz begiratzen badugu, eta 80. hamarkadan egindako ilustrazio bati esker, horren hasierako itxurak agerian uzten du zeinen zaharra den. Errenazimentuko itxura duen eraikuntza da; lehenengo blokean aleroi bat zuen zutabeekin arkupe modura (gaur egun berria da); bigarren blokea, aldiz, eranskin barroko bat da, eta XX. mendean oso eskailera berezia eraiki zen.

EL LLANO 5D-ko BASERRIA

EL LLANO 5D-ko BASERRIA

Oinplano luzanga eta estua duen baserri errektangularra da. Harriz egina dago, eta fatxadan, sarrera nagusira sartzeko harrizko eskailera bat du. Sarrera solairu nagusian dago, eta erdipuntuko arku estua dauka. Dirudienez, etxea hasiera batean oso iluna zen, leiho gutxi eta txikiak zituen. Hala ere, duela gutxi konpondu zen. XVI. mendean eraiki zen Errenazimentuko baserrietako bat dela dirudi.

3-3 A ETA 2 BASERRIAK

3-3 A ETA 2 BASERRIAK

3-3 A eta 2 baserriak XVI. mendeko eraikuntzamota desberdinak dira; izan ere, garai hartan eraikuntza asko egin ziren eta proba arkitektonikoak egin ziren.

3-3 Ak bi isuriko teilatua du, eta patin bikoitz erraldoia. Dirudienez, eraikinak lurretik sabaira zihoan egurrezko armazoia izan zuen, oso ohikoa zena XVI. mendean. Hala ere, zati batzuk konpondu egin dira, eta ezin da zehaztasunez esan. Garai horretako eraikuntzaren adibidea da, eta ondoan dagoen euskal estilo berriko txaletarekin kontrastatzen du. Adibide aproposa da garaien arteko alderaketa egiteko eta arkitekturak XX. mendean izan duen indarra ikusteko.

Baserri honen ondoan 2. zenbakikoa dago, eta XVI. mendean beste modu batera garatu zen. Gorputz estua eta errektangularra du, eta asko aldatu den arren, sarrerako arkua mantendu da goiko partean. Segur aski bisera izango zuen alde batean, bi zutabeei esker eutsita, eta arkupe funtzioa beteko zuen. El Llanoko baserriaren antzekoa izango zen, seguruenik.

URTETXO BASERRIA

URTETXO BASERRIA

Baserri honek bi parte ditu, eta, dirudienez, zaharrena atzekoa da, 1780koa edo lehenagokoa dena.

Antza denez, bi isuriko baserri txikia zen, eta fatxada armazoizkoa zuen. Gerora, egungo bloke handia erantsi zitzaion; segur aski XIX. mende hasierakoa da, eta garai hartako Zallako beste baserriek bezala, itxura apala zuen (egurrezko leihoak, atea okertuta, etab.). Ostera, XX. mendean, berritu egin zen.

AZOLLA BASERRIA

AZOLLA BASERRIA

Azollako ingurua Zallako berezitasunetako bat da. Ikuspegi arkitektonikotik, baserriak dagoeneko desagertu ziren XX. mendearen hasieran, baina 40/50 hamarkaden inguruan, eta orduko irizpide arkitektonikoei jarraituz, eraikin berriak egin ziren usadiozko baserriak imitatuz, modu modernoagoan eginda.

Testuinguru horretan, Azolla eraiki zen, oinplano estua eta luzanga duen eraikina, bi solairurekin eta bi isuriko teilatuarekin. Hasierako egitura aldatu egin zen, eta atzetik eta alde batetik luzatu egin zen.

SOMOVALLE BASERRIA

SOMOVALLE BASERRIA

Seguruenik Zallako eraikinik zaharrena izango dena Somovalle eremuan dago. Bertan, beste baserrien artean, forma soila duelako nabarmentzen da.

Horren ondoan XIX. eta XX. mendeen artean eraikitako baserria dago; aurrerago, 1918ko etxetxo bat eta XXI. mende hasierako estilo neoeuskalduneko txalet moderno handi bat.

GOBEO BASERRIA

GOBEO BASERRIA

Gobeoko inguruan zenbait baserri daude. Interesgarriena azkena da: oinplano errektangular handia eta bi isuriko teilatua du, eta 1990. urte inguruan egin zen zaharberritzearen ostean, gaur egun kanpotik zein barnetik ikus dezakegun itxura hartu zuen.

Gaur egun “txalet” itxurako baserri ederra da, atzera ematen duten balkoiak ditu, egurrezko barandelekin aurrean eta atzean, eta, gainera, hainbat leiho zabal eta moderno ditu horma guztietan. Teilatuan ere bi txapitula ditu. Hala ere, oraindik inguruko hormak eta hasierako oinplanoa mantentzen ditu, eta horren itxura orain dela urte gutxi zuenaren antzekoa da. Antzinako bi argazkiei esker, neurri batean ikus dezakegu nolakoa zen horren aurreko itxura: bi isuriko teilatuak miru-buztana zuen, eta egungo hormak aurretik zeudenaren antzekoak dira (leihoak txikiagoak ziren), eta horrek adierazten digu segur aski XVII. mendeko eraikina dela.

1680aren inguruan, Gaztelako Koroak, urte batzuk lehenago Flandriako lurrak galdu ostean, ekonomikoki berreskuratzeko prozesua hasi zuen. Azken 40 urteak gogorrak izan ziren arren, 1680an hobekuntza ekonomikoa antzematen hasi zen, eta, arkitekturan argi ikusi zen eraikuntza berriak sortzen hasi zirenean. Ez zituzten aurreko joerak jarraitzen, eta nagusi zen estilo arkitektonikoari jarraitu zioten: barrokoari.

Bizkaian hainbeste apaingarririk ez zuen barrokoa gailendu zen; garai hartako jauregi askotako itxura eta fatxadan ikus daiteke, besteak beste, Zallan bizirauten duten batzuetan.

URRUTIA JAUREGIA

URRUTIA JAUREGIA

URRUTIA jauregitik fatxada eta inguruko hormak baino ez dira geratzen, bai eta barneko harrizko zenbait elementu ere (eskaileraren hasiera, esaterako). Hala ere, fatxadaren kalitatea oso ona da; harlanduz dago eraikia eta baoak belarimoldura lauz inguratuta dago; hori guztia oso ohikoa zen XVII. mendearen azken bizpahiru hamarkadetan egin ziren obretan.

MONTELLANO JAUREGIA

MONTELLANO JAUREGIA

Montellanoko egungo jauregia erortzeko zorian dago, baina elementu adierazgarrienetako batzuk mantendu egiten dira, hala nola bao nagusiak eta armarria, horcasitasdarren armekin.

Egun, eremu guztia landarez inguratuta dago. Iraganean, eremua oso garbi zegoen, eta lurra, zalantzarik gabe, laboreetarako eta bazkarako erabiliko zen. Aitzitik, XX. mendeko dokumentuen arabera, jauregiari etxe edo baserria deritzo.

MENDIA JAUREGIA

MENDIA JAUREGIA

Mendia jauregia udalerriko jauregi garrantzitsuenetako bat da. XVII. mende amaierako edo XVIII. mendearen hasierako etxetzar barrokoa da. Lau elementu nabarmentzen dira: Errenazimentuko oihartzuna duten harlandu kuxindunezko portada, inposta-lerroa eta baoen inguruko belarri-zapalak (baita ganbaran ere). Azken elementu hori Zallako beste eraikin batzuetan ikus daiteke; eta, eraikin horren erdiko baoaren kasuan, moldura kurbatu barroko polit batek errematatzen du. Horrez gain, nabarmentzekoa da ere fatxadako forjazko balkoia.

Oinplano errektangularra du, eta leiho landuak ditu bi aldeetan, beheko solairuan, solairu nagusiak eta ganbaran. Atzean ate bat dauka, moldura berdinekin. Atzeko ate horren gainean dauden hutsuneak modernoagoak dira, agian aro neoklasikokoak, eta horen bidez argi gehiago lortu nahi da eraikuntzaren atzeko partean. Horrez gain, begiratoki polita egin nahi izan da; izan ere, karelezko balkoiak dira, burdinurtuzko balaustrekin.

BOLUNBURUKO DORREA JAUREGIA

BOLUNBURUKO DORREA JAUREGIA

Gaur egungo dorreak ez dira berez Erdi Arokoak, baizik eta Erdi Aroaren amaierako eta Errenazimentuaren hasierako trantsiziogaraikoak. Horien garrantzi militarra kontuan hartuta berreraiki zituzten arren, horien bizigarritasuna hobetzen zuen zenbait aldaketa egin zituzten. Dorre horien bi eredu ezagutzen ditugu: Dorre aretoduna (altuenak) eta aretorik gabeko dorreak (baxuenak).

Bolunburu azken horretakoa da (aretorik gabe). Hala ere, horren inguruko oso dokumentu gutxi daude (ez dira 1610era arte agertzen) eta gaur egun ikus daitekeena XVII. mendean bizigarritasuna hobetzeko egin zen berritze orokorraren ondorio da.

Lehenengo pisuan, bizitzeko zenean, sarbide nagusia dago oraindik (harrizko patin edo eskaileretatik iritsi zitekeen). Gaur egun itxita dago. XVII. mendeko obretan ate bihurtu zen arku eskartzano bat eta gezileiho itsu bat ere kontserbatzen dira. Bizitzeko bigarren solairuan (XVIII. mendeko obretan ere eraiki zen) bi balkoi eta leihoak daude, baita leiho txiki gotiko bat ere. Harrizko eskailera bat izan zuen, egitura batez babestua; hala ere, XVII. mendeko obretan desagertu zen. Haren ordez, barruan zegoen harmailadi bat eta egurrezko eta adreiluzko bilbadura bat jarri zen -egurrezko zutikoek eutsita-, eta ordutik fatxada gisa jarduten du.

GOBEO JAUREGIA

GOBEO JAUREGIA

Oinplano karratua duen eraikin kubiko handia da. Kadagua Haraneko aro barrokoko estetika ohikoa du, baina baserri gehienek baino kalitate eta itxura askoz hobea dauka.

1731n datatu da; izan ere, data hori agertzen da ezkutuan. Hala ere, badakigu jatorriz Zallako Ibarra Dorrean zegoela, eta hura eraitsi ostean, 1880an, tokiz aldatu zutela.

Atetzarrean belarrimoldurazko tailuak eta fatxadako baoak dituen eraikinaren estetikak 1680 inguruan eraikitako beste eraikin barroko batzuk ekartzen dizkigu gogora, dekorazio berdina dutenak: Zallako Montellano eta Urrutia jauregiak, Balmasedako Santa Klara komentua, etab.

Hortaz, litekeena da eraikuntzadata garai horren ingurukoa izatea; hala ere, baoetan duen antolamendu bikainak eta oinplano laukizuzen eta sakonak XVIII. mendearen erdialdean arrakasta izan zuten baserrien formaren antza handiagoa du, eta, beraz, agian 1680 baino beranduagokoa da, esaterako, 1700ekoa edo XVIII. mendearen lehen urteetakoa.

MURGA JAUREGIA

MURGA JAUREGIA

Murga Jauregia Zallako udaletxea da gaur egun. Erabilera funtzionala izateko askotan berritu den arren, fatxadako armarri erraldoia bere horretan mantendu da.

Armarrian kondaira hau dago jasota: “Sauces y panelas son / estas armas sin edubio / hijas del conde don Rubio, / nietas del rey de León». Salcedoren ezkutuaren intsignia laburbildua da, eta haraneko kondairarik zaharrenetako bat jasotzen da, Rubio de Arangutirena, hain zuzen ere. Kondairak adierazten du Arangutin, Arangurenen ondoan, bizi izan zela Leonetik ihes egin ostean. Ez dakigu kondaira egia den, baina egungo euskal lurraldea Leon/Asturiasko erresumaren eta Nafarroako erresumaren artean egon zen garaiarekin bat egiten du. Horrez gain, agerian uzten du tokiko nobleak jatorri mitikoak bilatzen saiatzen zirela garai hartako leinurik garrantzitsuenekin.

Gaur egun dorre edo dorretxe gisa ezagutzen duguna Europako oso toki zehatzetako eraikuntza bitxia da. Irlanda, Eskozia, Ingalaterran eta Euskadin sortu ziren Goi Erdi Aroan. Toki horietan egin ziren eremu menditsuak eta iristeko zailak zirelako. Gerora kontinente zaharreko mendebaldeko beste puntu batzuetara hedatu zen.

Eraikuntza horiek helburu bikoitza zuten: alde batetik, babesteko eraikuntza gotortuak ziren; bestetik, familia aberatsen bizitokiak ziren.

Zallan dorre asko daude. Horietako batzuk urteen ondorioz hondatu dira, baina beste batzuk oso egoera onean mantendu dira jendea bertan bizi delako oraindik ere.

MENDIETA DORREA

MENDIETA DORREA

Mendieta dorrea ezaguna da alboetan bi etxetzar barroko erantsi zitzaizkiolako. Gaur egun teilatua bi etxetzarrekin berdindu den arren, oraindik ere ikus daiteke gotiko berantiarreko leihotxo batzuk dituela, udalerriko dorreetako bat izan zela gogorarazten digutenak. XVI. mendean eraiki zen, eta Zallako Erdi Aroko eta Errenazimentuko ondarearen parte da, nahiz eta gaur egun oso egoera onean ez egon.

Horren ondoan 70eko hamarkadako etxebizitzaeraikin bat eta zenbait etxebizitza daude. Horietako bat, 52. zenbakian dagoena, hain zuzen ere, XX. mende erdialdekoa da. Beste batzuk, bestalde, berritu egin dira, eta Zallako etxe askotan horren ohikoa den euskal estilo berriaren zantzuak dituzte.

IBARRA DORREA

IBARRA DORREA

Ibarra Dorretxea XVI. mendeko eraikuntza bat da, eta erakusten digu nola Erdi Arroko dorre horiek, Errenazimentuan zehar, bizitzeko jauregiak bihurtu ziren. Gaur egun Zallan geratzen den azken adibideetakoa da.

Bere forma kubiko eta itxiak garai hartan Zallan ezaguna egin zen eta mendeetan zehar iraun zuen eraikuntza mota gogorarazten digu. Orain desagertzen hasi da, eta txalet modernoek ordezkatzen dute.

CASA-TORRE DE LLANTADA

CASA-TORRE DE LLANTADA

Llantada dorretxea XVI. mende hasierakoa da, oinplano karratua du eta kontzeptu etzana du beheko solairuan, solairu nagusian eta kamarotean. Hala ere, izan liteke azken horrek itxura hori hartu izana gerora egin zen berritzearen ondorioz.

Hormaharrietan fatxada nagusiko bi arkuak mantentzen dira, eta zenbait gezileiho ere daude. Beheko arkua zorrotza da, eta goikoa erdi-puntukoa; ondorioz, esan dezakegu XVI. mendearen hasierakoa izan daitekeela.

Oso kontserbazioegoera onean dago.

BOLUNBURUKO DORREA

BOLUNBURUKO DORREA

Bolunburu aretorik gabeko dorreetako bat da. Hala ere, horren inguruko oso dokumentu gutxi daude (ez dira 1610era arte agertzen) eta gaur egun ikus daitekeena XVII. mendean bizigarritasuna hobetzeko egin zen berritze orokorraren ondorio da.

Dorrea, berez, oinplano errektangularrekoa da, lau solairu ditu (behekoa-ukuilua, bizitzeko bi solairu eta kamarotea). Behealdean arkuz egindako sarrera bat dago (oso aldatuta dago), eta XVII. mendeko obretan ateburua jarri zitzaion. Pisu horretan bertan lau gezileiho eta bao txiki modernoak mantentzen dira. Dorrearen ondoan harrizko armazoizko eraikin ederra egin zen, eta dorreari itxura ezagun eta ederra ematen dio.

TERREROS DORREA

TERREROS DORREA

Terreros Dorrearen egitura eta leiho txikien ondorioz, defendatzeko dorrea dela dirudi; hori dela eta, Zallako udalerriko gainerako dorreen aldean nahiko desberdina dira; izan ere, azken horiek bizitzeko erabili daitezke.

Inguruan monumentu-multzo bat dago: Terreros leinuaren dorretxea, XVIII. mendearen erdialdeko etxetzar/jauregitxo atxiki bat eta aurrean dagoen zelai edo baratze handi bat. Lursail horretan, Terrerosko burdinola dago, eta izan liteke haren hondakinak lurperatuta egotea oraindik.

Egungo dorrea 1500 urte inguruan berritu zen dorre batean oinarritu zen; hori, segur aski, bandoen arteko gerran existitu zen (XIV-XV. mendean). Bizkaiko dorrerik berezi eta aipagarrienetakoa da zenbait ezaugarrirengatik: oinplano karratua, bolumen bertikala, hiru solairu gehi kamarotea, sarrera bikoitza, leiho gutxi, etab.

Indianoen etxeak, izenak berak agerian uzten duenez, indianoek Ameriketatik itzultzen zirenean eraikitzen zituzten etxeak ziren. Atzerrira joan ziren asko, Ameriketan dirutza egin ondoren, beren jaioterrira itzultzen ziren. Bertan, tamaina handiko eta dekorazioz betetako etxebizitzak eraikitzeko agindu zuten, egonak ziren tokietako loreespeziez betetako lorategiz inguratuta.

Penintsulako iparraldean, bereziki Bizkaian eta Kantabrian, mota honetako eraikin asko aurki ditzakegu. Zallan arkitektura horretako bi adibide ditugu; nahiz eta horietako bat, La Flor, ez den berez indianoen etxea, estilo horretarako parametroen arabera XX. mendean eraiki zen etxea baizik.

MENDIA TXALETA

MENDIA TXALETA

Estilo indiarreko txalet hau 1903an eraiki zuen Ciriaco Menchacak, eta Bigarren Inperioko estiloaren eragina duen estilo eklektikokoa dauka. Estilo bereizgarria du: moldura sinpleak eta eskantzuetako harlanduzko harriaren eta entokatutako mosaiko zuriaren konbinazioa ditu.

Txaletaren profilean ateratzen den parte bakarra dorre angeluarra da, non eskailera nagusia dagoen.

LA FLOR

LA FLOR

La Flor oso eraikin handia da, eta “indiarren etxeen” estiloa jarraitzen duen arren, etxe honetan oso estilo desberdinak nahasten dira.

Aldez aurretik zegoen eraikin berezi baten gainean sortu zen 1939an, eta, egun, eraikin erakargarri honek ondotik igarotzen diren guztien begirada erakartzen du.

Modernoa den arren, Zallan XX. mendean zehar zuten gustu estetikoen isla da. Horren atzean Señorío de Otxaran markako mahasti handia dago, eta, berez, upategiaren parte da, eta talde antolatuetan bisitatu daiteke.

Zallan arkitektura erlijiosoaren hainbat adibide daude: fedetenpluak Enkarterriko gure udalerrian zehar aurki ditzakegu.

Gaur egun hiru eliza (Aranguren, Mimetiz, Otxaran), bost ermita (La Magdalena, San Pantaleón, San Pedro de Zarikete, Santa Ana de Bolunburu, San Isidro de Zokita), ehorztetxekapela bat (San Antonio de La Mella) eta hiru kapera pribatu (El Carmen, San Antonio de Longar, Virgen de La Flor de Otxaran) daude. Halaber, badakigu Aretxagan San Pantaleón non kokatzen zen, bai eta desagertu diren San Juan de Hormaza (Otxaran) eta San Nicolás de Posaduero (Malabrigo) ere.

SAN ANTONIO DE LA MELLA

SAN ANTONIO DE LA MELLA

San Antonio de la Mella izeneko ermita ederra Zallan dagoen monumentumultzo honen buru da; Kadagua ibaiko bi aldeetako sakonunean dago, mendien artean eta landa eremu batean.

Bizkaiko hilobi-kapera pribatuen eredu bitxia da. La Mellako monumentu multzoa honako hauek osatzen zuten: San Antonio baselizak, Urrutia jauregiak, Terreros dorreak, bi burdinolek, errota batek eta hainbat etxebizitzak. Monumentu multzo horrek oraindik ere bere zati handiena mantentzen du, baita xarma ere.

SAN MIGUEL ELIZA

SAN MIGUEL ELIZA

Jatorriz, San Miguel eliza XII. mendean eraiki zen, baina XVI. mendean Errenazimenduko estiloarekin eraiki zen. Orduz geroztik, hainbatetan konpondu eta berreraiki behar izan da, eta horretarako baliabide ekonomikoak gutxi izan dira.

Egun, parrokiaetxea elizako horma batera itsatsita dago. Obra hori 1952an egin zen, eta 4 urte geroago berrikuntza orokor handia egin zen.

GUADALUPE DE TEPEYAC BIRJINAREN ERMITA

GUADALUPE DE TEPEYAC BIRJINAREN ERMITA

Zallako eraikuntzarik modernoenetakoa da. 1999an eraiki zen Guadalupeko Andre Mariaren irudia gordetzeko, Tepeyac Txaleta eraitsi ostean.

Eraikinaren oinplanoak bisitaria gorde eta babestu nahi du, bai eta barnera sartzea gonbidatu ere. Bertan, Guadalupeko Andre Mariaren irudiak du protagonismo guztia; haritzzur noblez egindako idulki “txikiaren” gainean dago, gizakien altueran.

Eraikinaren sekzioak solairuaren estilo sinplea imitatzen du (isuri bakarra), baina nolabaiteko altuera mantentzen saiatzen da (harrizko hormaren elkargunean iragazten den argiarekin nabarmenduta), bisitarien begirada gorantz gidatzeko, nahiz eta eraikuntzaren giza eskalan eraikita dagoen.

Kanpoaldeak bat egiten du inguru organikoarekin, eta horren presentzia indartzen du parametro eta eranskin (kapera) zuriarekin. Inguruarekin bat egiten du kobrezko estalki berdeari eta aldez aurretik zegoen harrizko hastialeko hormari esker.

SAN PEDRO ERMITA

SAN PEDRO ERMITA

San Pedro ermita, San Pantaleónekin batera, Zallako ezagunena da.

Sorginkeria desegiteko tradizioak eta erritualak hartzen ditu, eta Bizkaian erromesaldiak egin dira bertara mendeetan zehar.

Aldarearen azpiko zimendu eta zenbait hilobi, zulo eta lauzetan ikus daitekeenez, badirudi ermita XI-XII mendean eraiki zela.

Hala ere, ermitaren egungo forma 1500. urte ingurukoa da; izan ere, hori ondorioztatu daiteke mantentzen diren hormako margoen xehetasun txikiak aztertu (badirudi Arabako Alaizako pertsonaien antzekoak direla) eta indusketak egin ondoren. Garai horretan segur aski aldatuko zen ermita, eta, ondorioz, oinplano errektangularra, harlangaitzhormak, harlanduzko izkinak eta bi isuriko teilatua izatera pasa zen. Hala ere, fatxadan dagoen erdipuntuko arkua modernoagoa dela dirudi. Dokumentuetan 1587an aipatu zen lehenbizikoz.

Zallako gainerako eraikinetan bezala, hobekuntzak eta berrikuntzak egin ziren, batez ere, XVIII. mendearen hasieran.

Ermita ia hiru hamarkadatan zehar egon da zaharberritzelanetan (1991tik 2021era), eta García de la Torre anaiak izan dira arduradunak. Haiei esker, ermita eta erretaulak berreskuratu dira, indusketa egin da, etab.

SANTA ANA ERMITA (BOLUNBURU)

SANTA ANA ERMITA (BOLUNBURU)

Santa Ana ermita Bolunburuko de la Torre jaunen fundazio pribatua izan zen, eta garai horretatik geratzen diren tamaina handiko eraikin gutxietako bat da.

Oinplano errektangularra du, paretak harriz eginak daude eta kantoiak harlanduz. Bi isuriko teilatua du. Elementurik esanguratsuena sarreran dagoen 12 dobelako erdipuntuko arkua da; dirudienez, ermita sortu zeneko datakoa da, hau da, 1610ekoa.

XVIII. mendean, beste ermita askotan bezala, kanpaihorma txikia jarri zitzaion, gurutze eta lore zizelkatu batzuekin. Segur aski, hiru isuriko portxea ere garai hartan eraiki zen, eta gaur egun lau oin zuzenez dago eutsita.

Barnean, Kristo barrokoa da nagusi, baina, dirudienez, aurretik, Ama Birjinaren irudia zuen erretaula errenazentista bat egon zen, bai eta Sortzez Garbiaren, San Francisco de Asís eta Diego de Alcalaren pinturak zituzten ohol batzuk.

SAN ANTONIO ERMITA

SAN ANTONIO ERMITA

Egungo San Antonio ermita Urrutia familiaren eraikuntzamultzo bat izan zen, eta XVII eta XVII. mendeen artekoa dela esan dezakegun arren, segur aski elementu batzuk zaharragoak izango dira.

Hiletaermita da, eta Antonio de Urrutia bertan ehorzteko eraiki zen, barneko alde batean zizelkatuta dagoen zenotafio batean. Ermita harriz apainduta dago, fatxada eta hormabularra izan ezik, zeinak hareharriko harlanduz eginiko lau izkina dituen. Fatxada asko nabarmentzen da: hiru kaletan banatutako pantaila handi batez dago osatuta. Erdian, erdi-puntuko arku handi bat dago, burdinsare barrokoa duena. Gainean, Urrutitarren armarria du, horma-hobia eta Ama Birjinaren eskultura batekin, eta kanpai-horma txiki batekin errematatua.

Ermitaren aurrean Urrutia jauregia dago, baina horretatik fatxada eta inguruko hormak baino ez dira geratzen, bai eta harrizko elementuren bat kanpoak (eskaileraren hasiera, adibidez). Fatxada oso kalitate onekoa da, harlanduz dago egina eta baoak belarri lauz inguratuta daude; hori oso ohikoa zen XVII. mendeko azken bi edo hiru hamarkadetan egin ziren obretan. Horrez gain, antzinako balkoietako forja ere geratzen da. Eraikina eta ermita aldi berean eraiki ziren Antonio de Urrutiak aginduta, 1679aren inguruan, eta Zallako jauregirik gorenetarikoa izan zen.

SAN ANTONIO KAPERA

SAN ANTONIO KAPERA

La Peñako talde sustatzailearen arabera, San Antonio kapera eraikitzean “Euskadiko landako baselizen xumetasuna gogoratu nahi zen hiru baliabide oso adierazgarrien bidez: sarrera nagusia errematatzen duen kanpandorre apala, hegal handiko teilatuak eta harri-horma ageriaren eta kareztaduraren konbinazioa”.

Kanpotik, tamaina dela eta, kapera oso deigarria da, baina egitura soila du. Oinplano errektangularra du, eta buruak erdipuntuko sarrera, idi-begi edo arrosa-leihoa du, eta kanpai-hormaren tontorrean erlojua dago. Elizaren oina oktogonala da, eta barnean korua dago, elizaren gorputza diafanoa bihurtuz. Kaperaren argiztapena arku zorrotz neogotikoekin dago egina, hormak adreiluzkoak dira, behea soilik, harrizkoa dena, eta estalkia hormetara jaisten den egurrezko egitura da. Eraikinaren kanpoaldea oso soila da, eta zutabeekin indartzen da.

SAN PANTALEONEKO ERMITA

SAN PANTALEONEKO ERMITA

LSan Pantaleoneko ermita ez zen gaur egun dagoen tokian eraiki. 1762an mugitzea eta berreraikitzea erabaki zen, seguruenik ibarreko gune hezetik aldentzeko.

San Pantaleón oinplano errektangularreko ermita da, fatxadan besoak dituen bi isuriko teilatua du, harri soileko hormak harlanduzko kantoiak eta erdi-puntuko sarrera-arku handia, burdin sarearekin itxita, santutxo gisa. Fatxadan kanpai-horma apala du, kanpaiarentzat.

San Pantaleónen irudiaren gorputz osoko eskultura dago, bizarduna eta kapeladuna. Santuak tunika bat du, ehunaren tolesturak ikus daitezke, eta azpitik haren oinak ateratzen dira. Eskumako eskua altxatuta du, eta ezkerrean kutxatxoa darama, non sendaketa miraritsuak egiteko erabiltzen zituen ukendua eta eskalpeloa gordetzen dituen.

Tailla berriz margotu egin da, eta azpian polikromia originala izan beharko luke. Oinetako bat contraposto sotila du, eta horrek, jantzi motarekin eta eskuaren mugimenduarekin batera, Errenazimentuaren amaierako figura bat ekartzen digu gogora, XVI. mendearen ingurukoa.